XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hezkuntza Sailaren jarreraz kezkaturik agertu editoreak

Gasteizko Hezkuntza Sailaren jarrerarekiko harridura jakinerazi nahi izan du Euskal Argitaletxeen Elkarteak Durangoko Azoka honetan, eta horretarako egunotan agiri bat plazaratuko dela iragarri dute elkarte honen bozeramaileek.

Izan ere Jose Mari Sors editoreen presidenteak adierazitakoaren arabera, sektore honek dituen arazo eta kezkak eztabaidatzeko aspaldian jo bide zuen elkarteak Hezkuntza Sailera, baina egindako ahalegin guztiak alperrikakoak izan direla gaineratu zuen.

Sorsek berak zioenez, urtero urtero Isaak Lopez de Mendizabal izeneko saria plazaratu izan du Hezkuntza Sailak testu libururik hoberena saritu intentzioz.

Dena den, eta inolako azalpen publikorik egin gabe, aurten ez du Administrazioak sari horren deialdirik luzatu.

Auzi hori eta beste hainbeste eztabaidatu nahi dituela Argitaletxeen Elkarteak Hezkuntza Sailarekin argitu zuen, eta bere hitzen arabera, ez dute editoreek Gasteizkoen jarrera hori ulertzen.

Balantze baikorra Horretaz gainera, Durangoko Liburu eta Diskoen Azokaz mintzatu zitzaigun Jose Mari Sors elkarte honetako burua, bere esanetan guztiz positiboa gertatzen ari bait da aurtengo edizio hau Editoreentzako Azoka Nazionala bide da Durangokoa, bertan aurkitzen direlako merkatuan diren liburu guztiak.

Urtetik urtera finkatu den ekimena da Abenduko Azoka hau, bere ustez jadanik herri honetako liburugintzan diren guztientzat ezinbesteko erreferentzi gune bilakatu delako.

Euskara hutsez argitara emandako produkzioarekin azken urte hauetan osatu den azokari dagokionez, denetariko eritziak daudela onartu zuen Argitaletxeen Elkarteko presidenteak.

Bere ustez, ez elkarteko buru bezala baina bai editore den neurrian, ahalegin gehiago egin behar dira.

Abendukoa eta maiatzeko Azokak ezin direla konparatu esan ondoren, bien garrantzia azpimarratu zuen Jose Mari Sorsek.

Ohiturak denboraren poderioz lortzen direla gogoratuz, eta azken hitza editore guztien esku dagoela jakinik, maiatzako Azokarekin segitzeko premia adierazi zuen.